XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bereak tesi-nobelak izaki, tesi bat frogatzeko baliagarri zaizkio prosa erlijioso-didaktikoak bere tesiak frogatzeko erabili dituen moduak.

Modu horietara biltzen den osagai narratiboak arindu egiten du tesiaren irakurketa: era atseginago, ulerterrazago, neke gutxiagorekin norberaganatzea zilegiztatzen du.

Maila oso orokorrean, bidegurutze honetan batzen dira euskal prosa erlijioso-didaktikoa eta herri tradiziotik datorren kontaketa, euskal literaturaren esparruaren itxuratzeari dagokionez: Jakina, honek ez du esan nahi arestian aipaturiko bi elementu horiek euskal ondareak sortu dituenik; baina badira euskal ondareak bereganatuak dituen elementuak.

Esan ere ez du esan nahi bi elementu horiek hartu eta, besterik gabe, Agirrek konbinatu zituenik bere testu berri horiek sortzeko.

Ez bait dago ahazterik Euskal Herrian bertan ere pixka bat lehenxeago gazteleraz horrelako testuak egin zirenik eta hauek ere argia eskain ziezaioketenik.

Honako bi hauek esan nahi dira: 1.- modu batera egituratutako euskal literaturaren esparruan leku bila hastean, testu-mota hau bi elementu horien mugen artean koka daitekeela, bi elementu horietako ezaugarrien batzu bereganatuz eta 2.- kontsumogune finkatua duten atal hauen artean eraiki beharko duela bezeria nagusia, irakurlego sorberri urri bat gehi badakieke ere.

Osagai herritarrak eta kultuak aurkitzen dira Agirreren eleberrietan.

Batetik, kontalari orojakile kultua; bestetik, eta horren kontrapuntu, kontalari horren gidaritza onartzeko prest dagoen narratario otzana.

Era berean, pertsonaia herritarrak eta ez hain herritarrak plazaratzen dituzte eleberriek, nahiz eta pertsonaien mintzairan etekin handiegirik atera ez, beraien arteko desberdintasun sozial eta kulturalari.

Bestalde, osagai folletinesko, bapateko iratzarte eta abarren ondoan, irakaspen, erudizio historiko, katekistiko, etab. aurki daiteke.

Azkenik, hor daude batera, batetik, pertsonaia herritarren ahotsean egiantzekotasuna galtzeraino iristen den goimailako mintzaira (agian, testu-mota honetan dagoen tradizio-faltak sortzen du egiantzekotasun-gabeziaren inpresioa) eta, besterik, mintzaira eta iruditegi guztiz topiko eta euskaerraz baten erabilera.

Esan daiteke funtsean, euskal literaturaren bi tradizio horien aldean, eta horien argitan, produktu hibridoa sortu duela Agirrek, nahiz eta hibridismo horren barnean osagai bat nagusitu: kultua.

Baina hibridismo horrek ez du aurkituko korrelato berdina testu hauen funtzionamendu-moduan.

Gure ustez, hementxe dago euskal nobelaren sorrera argitzen eta ulertzen lagun dezakeen faktoretariko bat; eta baita sorrera honi bere karakterizazio-modu propioa ematen diona ere.